jueves, 11 de diciembre de 2008

IGERITZ


Noizean behin libururen bat gomendatzea nahi nuke. Seguraxki gehienek ezagutuko dituzue baina ezagutzen ez dituzuenoi, bada, on egin.


Gaurko liburuaren egilea Leo Lionni da eta izenburua IGERITZ. Kalandrakak argitaratutako bilduma ederra da, oso istorio politarekin eta irudiak ere neurrikoak, Leo Lionnik berak eginak.
Sarritan kontatu izan diet 3-4-5 urteko haurrei eta oso gustuko dute.


Arrain txikiok ez diogu arrain haundiari beldurrik izan behar, elkarturik bagaude behintzat.

miércoles, 10 de diciembre de 2008

NEGUA WEBQUEST-EAN




Aurreko batean neguaren harira mintzatu nintzen eta gaur ere kontu berdinekin etorri behar, neguaz mintzo baita mundua: igogailuan, irratian, okindegian...neguaren gora beherak gure herriaren aktualitatean. Eta sasoi batera polita izaten da. Ez kontrakorik esan. Zer egingo lukete bestela txokolate eta txurro saltzaileek. Ez genuke eskua ezker-eskuin mugituko sukaldeko leihoko kristalaren lurruna kentzeko negurik ez balego, hotzik ez balego. Eta non geratuko liratete bufandak, berokiak, buruko txapela?




Eta noski, ikusi ahal duzue olentzerorik praka motzetan inoiz? olentzero etorri dadin hotza behar du derrigor.




Horrela ba, JClic-en ariketa multzo bat egin nuen bezala, oraingo honetan webquest-ean egindako unitate didaktiko batekin natorkizue.




Helbidearen gainean klik eginez gero webquestaren nire orrialdera joango zarete eta bertan araktuz gero unitate didaktikoaren nondik norakoak ikusi ahal izango dituzue.




Eta badakizue laranja zukua eta bufanda!!




lunes, 1 de diciembre de 2008

BULARRETIK MINTZORA

Bularretik Mintzora CD-liburuxka bat da. CD-liburuxka hau izen bera daraman egitasmo oso baten euskarria da eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren arteko lankidetzaren fruitu da.

Bularretik mintzora egitasmoa 0-6 urte bitarteko haurren irakurzaletasuna sustatu eta garatu ahal izateko, guraso eta hezitzaileak formatzeko eta inplikatzeko egitasmoa da. Izan ere, haurren garapen emozionalean literaturak duen garrantziaz aipatu guraso eta hezitzaileak kontzientziatzea da egitasmoaren helburu orokorra.

Egitasmoak Bularretik mintzora izeneko CD-liburuxka du euskarri. Bertan, Miren Agur Meabe, Juan Kruz Igerabide, Pello Añorga, Lourdes Etxebarria eta Itziar Zubizarretaren ahotsen bitartez, sehaska kantak, magaleko jolasak, esku jolasak eta hitz jolasak grabatu dira, 30etik gora, gehienak herrikoiak. Horien guztien letrak eta erabilerarako oharrak biltzen ditu gainera CDarekin batera doan liburuxkak.



Gehiago jakiteko:http://www.galtzagorri.org/fitx/irudiak/BULARRETIK_MINTZORA.pdf

HELDU DA NEGUA

Heldu da negua gurera. Edo negu giroa bai behintzat. Udaberrian armairuan gorde genituen eskularru, txapel eta berokiak ateratzeko ordua heldu zaigu aurtengoan ere. Anboto, Aizkorri, Gorbea eta Euskal Herriko beste hainbat mendietako gailurrak behin baino gehiagotan zuritu dira honezkero. Txokolate beroak bere zentzua hartu du arratsalde hotzetako sukalde beroetan eta orain, inoiz baino bitamina gehiago behar ditugu neguari aurre egiteko, beraz, goizetan laranja zuku goxoa.

Gai honetan sakontze aldera ariketa talde bat egin dut JClic deituriko programan. JClic helburu jakin batzuk lantzeko ariketa desberdinak egiten laguntzen duen progama da. Tresna erabilgarria da haurrek gaitasun eta abilidade ezbedinak lantzen dituzten bitartean kontzeptuak barneratzeko. Haur hezkuntzari aplikaturiko teknologia berrien eremuan hainbat programa eta baliabide daude, JClic horien artean dagoelarik. Interesgarria benetan.

Informazio gehiago jasotzeko (programa deskargatu, instalatu eta bere nondik norakoak ezagutzeko) hona hemen helbidea: http://clic.xtec.net/es/jclic/

Olentzeroren irudiaren gainean klikatuz gero nik egindako ariketa multzoa ikusi eta egin ahal izango duzu!!